04/02/2010 Jon Maiak eta Xabier Amurizak parte hartzen duten emanaldia da "Mende baten aldarriak XX.ari jarriak". Hainbat bertsolarik jarritako bertsoak hartuta, mendeari buruzko kronika osatzen dute bertan: "Orain dela bost urte sortu genuen. Betidanik eduki dut buruan bertso zaharretan ikaragarrizko altxorra dagoela, eta horri erabilera ezberdinak emateko aukera dagoela, ez soilk bertso zaharrak ikasteko. Euskal Herriko historia bertsotan kontatua dago historia bizi izan dutenen begietatik, zuzenean. Prosan ez da gertatzen hori, baina bertsotan gai sozialak, politikoak, kulturalak... aurkitu daitezke: emigrazioa, gosea, gerra...
Aspaldi neukan buruan aukeraketa bat egin zitekeela, Euskal Herriaren historia ardatz hartuta erradiografia bat egiteko. Amurizarekin komentatu nuen eta berak esan zidan aukeraketa bat egingo zuela. Nik buruan neuzkan sorta batzuekin eta berak egindako lanarekin aukeraketa handi bat egin genuen. Horrekin osatu genuen erradiografia hori.
Aukeraketa egiteko lehenengo irizpidea bertso onak izatea zen, eta, bestea, Euskal Herri osoko historia hartzea. Aniztasunari ere begiratu zaio; bertsolari askoren ahotsak izatea. Hori dena gidoi batekin moldatua dago. Gidoia ez da kronologikoa, gairik gai joaten gara saltoka. Ahalik eta gai gehien sartzen saiatu gara: gerra, Gernika, gosea, umorea...
Lehenengo bi urteetan emanaldi dezente egin genituen eta ondoren gutxiago. Iaz atera genituen DVDa eta liburua, uste genuelako merezi zuela lan hori euskarri iraunkor batean uztea. Leku ezberdinetan erabiltzeko moduan utzi genuen, eta horrekin gehiago mugitzen hasi gara. Gainera, hori bertso-eskoletan erabili daiteke gu mugitu gabe.
Emanaldian Amuriza eta ni egoten gara, bakoitza atril banarekin eta gure paperekin. Irakurketak egiten joaten gara, txandaka. Hitza bere soiltasunean agertzen da, instrumenturik gabe. Doinurik ez dugu errepikatzen, sorta bakoitzak du berea. Horretan ere nahiko aberatsa da.
Gaur egun ere bertsoak badu funtzio hori. Guk beti esaten dugu, emanaldiaren bukaeran, ez dugula oraingo bertsorik sartzen ez dugulako historia kontsideratzen. Bertsorik berrienak 1981. urtekoak dira. Hortik aurrera ez dugu hartzen, baina gure ideia berarekin, hemendik 50 urtera, gaurko bertsoak sar daitezke XIX. mendeko aukeraketan."
Bertso onenak bideoan
2010-09-11, ALKIZA
Bertso-saioa
Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano,
Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi
Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Ordua: 22:30
Euskal Herria