Bertsoa.com - Bertso plaza digitala

Albisteak

Bertsolaritza Hitzarmena Gasteizen |15/03/2012

Gasteizko Udalak hitzarmenari eutsi egingo dio, % 20 murriztuta

Gasteizko Udalak eutsi egingo dio Arabako Bertsozale Elkartearekin duen elkarlan hitzarmenari, %20ko murrizketarekin. Arabako Bertsozale Elkarteak prentsa ohar bidez adierazi dutenez, "Pozik gaude ez delako programa bertan behera utzi beharrik izango eta ez delako bertsolaritza Gasteizko programazio kulturaletik desagertuko, eta ez dugu inongo zalantzarik, elkartasuna eta euskalgintzaren ekimen bateratua izan direla egoera kezkagarri honi buelta emateko giltza".
Gogoratu behar da da Gasteizko Udalak Arabako Bertsozale Elkartearen zuen 50.000 euroko lankidetza hitzarmena eten zuela, inongo azalpenik gabe. Hitzarmen horren bidez garatzen da nagusiki Gasteizko bertsolaritza proiektua, bai ikastetxeetan eta baita sustapenean ere. Arabako Elkarteak agerraldi zabala eta jendetsua egin zuen Javier Maroto Gasteizko alkateari hitzarmenari eusteko eskatzeko, eta aste honetan etorri da albistea.

Arabako Bertsozale Elkarteak eskerrak eman dizkie "bereziki, haien egoera gurea bezain larria izanagatik gure alde zalantzarik egin gabe egin duten Gasteizko eragile guztiei, eta baita Euskal Herriko txoko guztietatik eta baita atzerritik ere, oso denbora laburrean haien babesa eman diguten talde eta norbanakoei, guztira 100dik gora elkarte 2.000 lagun baino gehiago".

Arabako Bertsozale Elkartearen arabera, Gu ere bertsolari proiektuan Elkartearekin batera lanean ari diren 7 ikastetxeen konpromisoa eta ekimen propioa ere oso garrantzitsua izan da, ikastetxeetako proiektua mantentzearen aldeko borondate argia adierazi dutelako, eta horrela jakinarazi diotelako alkateari ere. "Eskerrak beraiei ere emandako konfiantza eta egindako ahaleginagatik".

Amaia Zentroko etorkizunaz kezka eta kontsentsu eskea Udalari
Arabako Elkartearen iritziz, bada kezkatzeko motiborik ere: "Erabat kezkatzen gaituen beste arazo bat azalerazi nahi genuke. Arabako Bertsozale Elkarteak Euskharan Kultur elkartea eta euskalgintzako beste eragile batzuekin batera Amaia Zentroan du egoitza, eta zentroaren kudeaketa eta dinamizaziorako Euskharan Kultur Elkartearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi du udalak. Amaia Zentroa euskarazko topagune eta gizarte etxe erreferentzial bilakatu da azken urteotan, eta zentroaren kudeaketa eta dinamizazioa euskalgintzaren esku mantentzea ezinbestekoa dela uste dugu" adierazi du Arabako Elkarteak. Zentzu horretan, "horrelako gauzak berriz ez gertatzeko aurrera egin behar dela uste dugu, euskararentzat estrategikoak diren proiektuak, eta euskararen normalkuntza prozesua bera, ezin baitira egun batetik bestera jarri eta kendu, edo trukeko txanpon bezala erabili. Adostasun politikoa berreskuratu behar da, eta enplazamendua egin nahi diegu udalean dauden lau alderdi politikoei gai honetan azken urteotan izan duten kontsentsua lehenbailehen berreskuratu dezaten."

     

Algorta

Puntu-erantzunak

2012/06/02

Bideo guztiak ikusi

Plaza librea

Bideo guztiak ikusi

Nola bidali zure bideoa »

© 2013 Bertsoa.com • RSS sindikazioaLege oharraINFOTRESek sortu eta egindako web gunea

Bizkaioko Foru Aldundia

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia