Bertsoa.com - Bertso plaza digitala

Albisteak

Plazatik Gaztetxera Sariketa |20/06/2012

Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia nagusi Soraluzen

 Joan zen ostiralean jokatu zen Plazatik Gaztetxera Sariketako bigarren eta azken finalaurrekoa, Soraluzeko Gaztetxean. Hirurogei entzuletik gora elkartu ziren saioa jarraitzeko, eta giro ederra sortu zen Gaztetxean. Unai Soraluze aritu zen gaiak jartzen.

 Lehendabiziko zatia beteta Nerea Ibarzabalek eta Xabat Galletebeitiak jaso zituzten puntu gehien epaileen aldetik. Dena den, entzuleek Mikel Olaizola eta Eneko Beretxinagaren alde egin zutenez, buruz burukoa jokatu zuten. Azkenean Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia nagusitu ziren. Honela gelditu zen sailkapena:

 1.- Nerea Ibarzabalek eta Xabat Galletebeitiak   200 puntu
 2.- Mikel Olaizolak eta Eneko Beretxinagak       198 puntu
 3.- Peru Vidalek eta Imanol Uriak                187 puntu
 4.- Maddi Gallastegik eta Jon Ruiz de Pinedok    171,5 puntu

 Gauzak honela, honako lau bikote hauek sailkatu dira finalerako:

  Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia
  Maddi Sarasua eta Aimar Karrika
  Mikel Olaizola eta Eneko Beretxinaga
  Peru Vidal eta Imanol Uria

 Finala ekainaren 30ean jokatuko da, bazkalostean, Eibarko Gaztetxean. Tiketak aurretik erosi ahal izango dira honako leku hauetan:

 -Mutrikun: Zubixan
 -Zumaian: Nikolen
 -Markinan: Erlatxen eta Gaztetxean
 -Elgoibarren: Iratxo eta Lanbroa tabernetan
 -Deban: Aitorren
 -Soraluzen: Arranon
 -Eibarren: Karrikan eta Deporren

 
 Hona hemen Soraluzeko Gaztetxetik saioaren inguruan bidalitako kronika:

 NEREA IBARZABAL ETA XABAT GALLETEBEITIA FINALERA, SORALUZEN IRABAZITA

Maddi Sarasua-Aimar Karrika, Mikel Olaizola-Eneko Beretxinaga eta Peru Vidal-Imanol Uriak osatuko dute zortzikotea. Finala ekainak 30ean izango da, Eibarko gaztetxean, bazkalostean.

    Ostiralean jokatu zen Plazatik Gaztetxera sariketako bigarren finalerdia Soraluzen. Beste urtebetez, ezin aukerari muzin egin eta hirurogei lagunetik gora elkartu ziren lagun giroan afaltzeko. Sukaldari lanetan ibili ziren kideek prestatu jan goxoaz tripa zorriak isildu, muturra garbitu eta beharrezkoa txukunduta, giro alaia nabari zen saioa hasterako. 

    Sarrera gisa, gaztetxeko kideek propio jarritako koplapaper batzuk abestu ziren gitarraren laguntzaz, kantu eta txistuz umore puntua jarriaz. Gaztetxe bete gazte, berantiarrenek kanpoaldean hartu zuten leku. Guztira berrehun belarri pasa, giro itzela eta zortzi bertsolariak kantari hasteko prest.

    Hasi eta buka, saio polita izan zen Soraluzekoa, maila onekoa. Zortzi bertsolariek asmatu zuten, gehiago-gutxiago, ideia eta loturetan. Hasierako agurrak abestuta, ofiziotan jarri zituen gai jartzaile lana sano-sano bete zuen Unai Soraluzek. Zortziko handian zein txikian, txukun bete zuten egitekoa, elkarri erantzunez eta arrazoiak emanez.

    Koplatako ariketa izan saioko bizienetakoa. Peru eta Jon, pisukideen paperean, lehenbizikoak kalean aurkitu eta etxean sartutako katu handiaren desagerpenaren harira, elkarri atzamarka aritu ziren. Jonek, afaritan jandakoa untxia ez zela esanez eman zion amaiera eztabaidari. Xabat eta Enekok soraluzeko saioari buruz kantatu behar izan zuten, ikuspegi ezberdinetatik; Xabat baikor, Eneko ezkor. Ondo eutsi zion bakoitzak bere ikuspuntuari, ariketa ederra osatuz.

    Bakarkakoak ere utzi zuen ale ederrik. Aipagarrienak Mikel Olaizola elgoibartarrak Zaballako kartzelan hildako presoaren gaiari botatako biak. Gainerako bertsolariek ere ederki osatu zuten lehen zatian egin beharreko azken lana.

    Horrenbestez, buruz burukora ze bi bikote pasako ziren erabakitzeko momentua iritsi zen. Entzule eta epaileak ez ziren ados jarri. Xabat eta Nereak batu zituzten epaileen puntu gehien. Entzuleek herritarraren alde egin, eta, Eneko eta Mikel izan ziren bozka gehien jaso zituztenak. Bi bikote hauek izango zuten finalera zuzenean sailkatzeko aukera.
   
    Hamarreko txikiko ariketa bizi eta ederra egin zuten Xabatek eta Mikelek. Bezperan ligatu ondoren gaua elkarrekin pasa eta despeditzeko orduan oso sentsazio ezberdinak zituzten bi pertsonaren paperean jarri zituen Unaik. Bertsoaldi osoa egin zuten eta ederki gozatu zuen publikoak. Buruz buru, ez zen saioan bezain bakarkako borobilik entzun. Nerea eta Enekok abesti banari bina bertso bota behar izan zizkien. Lan horretan, ez zuten bete-betan asmatu.

    Lan puntuagarria bukatuta, puntuka jarri zituen gai jartzaileak epaileek erabakia hartu bitartean. Epaia, buruz-burukoaren aurretik bezalaxe, Lea artibaiko bikotearen aldekoa izan zen. Bi finaletako puntuazioa kontutan hartuta, Enekok eta Mikelek ere finalean kantatuko dute, Peruk eta Imanolek bezalaxe.

    Entzuleek mugitzeko gogo handirik ez bazuten ere, bertsolarien agur banarekin amaitu zen saioa. Ohi bezela, izan zen  opari xelebrerik Soraluzen. Esker onez, gaztetxeko kideek serigrafiatutako kamiseta bana eta mimo beste bihurrikeriaz prestatutako buruhandi koloretsuak jaso zituzten, bina muxurekin batera.

    Horrela geratu zen puntuazioa soraluzen:
    Nerea-Xabat 200 puntu (finalera zuzenean sailkatuta)
    Mikel-Eneko 198 puntu
    Peru-Imanol 187 puntu
    Maddi-Jon 171,5 puntu
 

     

Lasarte Hitzetik Hortzera

Triste bizi naiz eta

2013/05/04

Bideo guztiak ikusi

Plaza librea

Bideo guztiak ikusi

Nola bidali zure bideoa »

© 2013 Bertsoa.com • RSS sindikazioaLege oharraINFOTRESek sortu eta egindako web gunea

Bizkaioko Foru Aldundia

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia